Orain dela egun batzuk jakin denez, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak ez du begi onez ikusi Udalak aurkeztutako Kultur Etxearen proiektu berritua.
2006ko urtearen bukaeran eraman zuen Udalak Iruñera lehenbiziko proiektua. Honek jaso zuen hango agintarien oniritzia, baina arazo larri bat zeukan egitasmoak: ez zela herriko arau subsidiarioetara egokitzen. Lurrazpiko solairua aurreikusten zen eraikin berrian, eta esan bezala, horrelako aukerarik ez dute kontenplatzen gaur egun indarrean dauden arauek, ezta ondorengo hilabetetan onartuko diren berriek ere. Honen aurrean, lehenbiziko proiektu hura aldatu egin zuen korporazio berriak, baina hau ez da Kultura Departamentuaren gustukoa izan, hasieran aipatu dugun bezala.
Ezezkoak ezezko, gai honekin aurrera segitzeko asmotan da Udala. Oraindik ez omen dute erabaki zehatzik hartu, baina arau subsidiarioen aldaketa puntualaren aukera aztertzen ari omen dira Herriko Etxean hasierako proiketu hura bideragarria izan dadin.
Gaztetxea ere kezkatua
Gaztetxeak ere publiko egin du gai honek sortzen dion kezka. Kultur Etxea beharrezkoa ikusten dute, baina eraikin horrek gaur egungo gazteen egoitza desagertzea ekarriko lukeen arren, ez omen zien Udalak deus esan proiektua egin zenean, eta hori ez zaie ongi iruditu. Dena den azkeneko hilabeteetan gai honi buruzko bilerak egin omen dituzte Udalarekin.