Leitzako Udalak Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen Vianako Printzea erakundeari udaletxea moldatzeko dirulaguntza eskaera egin dio. Orotara, 307.000 euroko aurrekontua du eskaerak eta hiru esparru zehatzetara zuzendua dago.
Lehen atalean udaletxearen kanpokaldea eta plazako frontis zaharra sartzen dira. Lehen solairuko leihoak aldatu nahi dira, udaletxearen harrizko fatxadak garbitu eta birmoldatu eta harrizko pilotalekuko pareta garbitu. Honek guztiak 162.000 euroko inbertsioa izanen du.
Bestetik, leitzar guztiek udaletxearen zerbitzu oro behar bezala jaso ditzaten, igogailua jartzeko eskaera egin du Udalak. Hartara, udaletxeak aspaldidanik duen gabezia garrantzitsuenetako batekin amaitzea lortuko luke. Bigarren eskaera honen aurrekontua 85.000 eurokoa da.
Azkenik, lehen solairuaren egokitzapena eskatu da. Lehen solairuko hainbat gela ez daude oso egoera onean eta hori hobetzea da asmoa. Azken eskaera honen aurrekontua, 60.000 eurokoa da.