Mikel Onsalo aresoarrak irabazi du Nafarroako mikro-Ipuin lehiaketa

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

TTIPI TTAPA

Nafarroako 20 ikastetxetako 359 lan aurkeztu dira

Nafarroa osoko 359 lanen artean II. Mikro-Ipuin lehiaketako epaimahaiak Mikel Onsalo aresoarraren Udazkena lana aukeratu du. Euskara Kultur Elkargoak eta Pamiela argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten lehiaketaren bigarren edizioa zen hau eta Nafarroako 20 ikastetxe diferentetako 359 idazlan aurkeztu ziren. Guztien artean Leitzako Amazabal Institutuan DBHko 2. maila egiten ari den Mikel Onsalo 13 urteko gazteak irabazi du.
Lehendabiziko sariaz gain bertze lau ohorezko aipamen ere banatu dira, eta horietatik bi ere Amazabal Instituturako. Maila berean dagoen Patricia Vicenteren Abarkak lanak jaso du horietako bat, eta bertzea, Nire lilia lanak, DBHko 3.maila egiten ari den Judit Saizarren ipuinak, hain zuzen.
Saridunek diploma eta liburu sorta bat jasoko dute, baina sari nagusia Kirmen Uribe idazlearen bisita izanen da. iIrabazlearen ikastetxera joanen da Uribe. Hala, otsaileko hirugarren astean joanen da Leitzako Amazabal Institutura idazlea, eta han eginen da sari banaketa.
Epaimahaiak lanetan, bertzalde, Alberto Barandiaran Berriako kazetaria eta idazlea; Inma Errea idazlea eta itzultzailea; Migel Asiain literaturako irakaslea eta Joxe Migel Bidador idazlea eta literaturako irakaslea aritu ziren. Guztiek lanen kalitatea nabarmendu dute, aitzineko edizioan baino hobea. Horrez gain, aipatu, 2006an 110 lan aurkeztu zirela, eta aldi honetan, 249 gehiago.
Parte hartu duten ikastetxeen artean, Leitzako Amazabal Institutuaz gain, Lesakako Irain Ikastetxea eta Tantirumairu Ikastola, Berako Ricardo Baroja Ikastetxea eta Jesusen Bihotza Ikastetxea eta Doneztebeko San Miguel ikastetxea daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun