Idatzi honekin jakinarazi nahi dizuegu Goizuetako gaztetxearen egoera zein den momentu honetan. Gaztetxeak hilero herriari bizia ematen dioten ekintzak antolatzen ditu. Horretarako gazteok gaztetxe bat edukitzea da normalena eta oraingoz badugu baina galtzeko zorian gaude, lehengo Udalak gaztetxea dagoen lekuan joango litzatekeen proiektu bat egin baitzuen. Bertan kultur-etxe bat eraikitzea da asmoa. Hori egiten bada gazteok momentuan daukagun gaztetxe gabe geratuko gara, hau dagoen lekuan eraikiko baita kultur-etxea. Eta hori ez zuen kontuan hartu lehengo Udalak. Gu, gazteok, kontutan hartu gabe egin zuten proiektua, guri ez zizkiguten beraien asmoak azaldu. Lehengo korporazioarekin hitz egin genuen eta ttipi-ttapan proiektuaren berri eman zutela esan ziguten. Informatu nahi zuenak informatzeko aukera izan zuela esan ziguten; baina guk joan behar al genuen beraiei egindakoaren azalpena eskatzera? Ez al litzateke zuzenagoa kaltetuak gu izanik beraiek etortzea gurengana azalpena ematera? Edo ez dute beharrezkoa ikusten herritarrek beraiek erabakitzea herrian zer nahi duten?
Ikusten duzuen moduan gaztetxea galtzekotan gaudenez oraingo Udalarekin hainbat bilera egiten ari gara konponbide bat bilatzeko asmoz. NAHIZ ETA GUK GAZTETXEAN GELDITU NAHI, EZ BAITZAIGU ONDO IRUDITZEN GU GAZTETXEAREKIN GELDITZEAGATIK HERRIARI KULTUR-ETXE BAT EDUKITZEKO AUKERA KENTZEA. Horregatik orain dagoen Udalak proiektu hori eraikitzeko aukera onartzen badu, beste lekuren batera joateko aukera eskaini digu.
Azken finean gazteok elkarrekin biltzeko gune bat izatea eta gure lanak aurrera eramateko behar bezalako baldintzak edukitzea beharrezkoa iruditzen baitzaigu. Beraz, argi dago Goizuetako gazteok gaztetxe baten beharra dugula. Gaztetxe baten aldeko borrokan jarraituko dugu!
Goizuetako Gazte Asanbalda