Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako saioa jokatuko da larunbatean Leitzan

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 25a

Mindegia eta Rekondo, Nazabal eta Mugertza II.aren kontra ariko dira

Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako final laurdeneko saioa jokatuko da larunbatean, urtarrilaren 26an, arratsaldeko 7etatik aurrera Leitzan, Amazabal pilotalekuan. Alde batetik Nazabal eta Mugertza bigarrena ariko dira, eta bestetik Mikel Mindegia eta Jon Rekondo. Nazabal eta Mugertza izanen dira faborito, gehiago Mindegia meniskotik operatzekoa dela eta bere partehartzea zalantzan dagoela kontuan hartzen badugu. Mikel Mindegia aritzeko prest ez balego, Fausto Mugertza ariko litzateke bere ordez. Honela, gutxitan ikusten den aita eta semearen arteko lehia ikusteko modua izanen litzateke Leitzan.

Gazte mailan Olano eta Saralegi, Erasun eta Mindegiaren kontra

Jaialdi berean, gazte mailan ere norgehiagoka ikusgarria izanen da, dudarik gabe ikusle aunitz erakarriko duena. Alde batetik, Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi leizarrak ariko dira eta bestetik, Ander Erasun aurtiztarra eta Beintza-Labaiengo Alejandro Mindegia. Leitzarrek galduko balute, txapelketatik kanpo geratuko lirateke eta Malerrekako aizkolariek, lehenbiziko postuaren bila lehiatuko lirateke Larretxeatar gazteekin, Garikoitz eta Oihanekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun