Urtea borobiltzeko bertze garaipen eta txapel bat gehiago. Abenduaren 29an jokatu zen BBK Masterseko finala Donostiako Atano III.a pilotalekuan eta Aimar Olaizolak txapelduna dela berretsi zuen. Patxi Eugi izan zuen aurkari eta honek final aitzineko partidetan sasoiko dagoela erakutsi arren, finalean ezin izan zuen deus haundirik egin Olaizola II.aren aitzinean. Partida hasi orduko nabarmendu zen goizuetarra, piloteoan zein sakean nahi bezala jokatu baitzuen. Eugik ere ez zuen eutsi eta lanean segitu zuen baina sei tantorekin bukatu zuen finala. Azkenean, 22 eta 6ko markagailuarekin, Olaizolak txapelaz gain, 18.000 euroko saria jaso zuen, torneoa aurkeztu zutenetik guztien ahotan ibili den saria, hain zuzen. Agoitzeko azpitxapeldunak, berriz, 12.000 euro jaso zituen.