Saiatu eta lortu. Inaxio Perurena leitzar gazteak marka berria ezarri zuen Urtezahar Egunean Asteasun (Gipuzkoa) 290 kiloko harriarekin. Pilotalekua jendez betea zegoela hobetu zuen Perurena II.ak ordura bitarte 285ean zuen marka. 17 segundo behar izan zituen horretarako. Hala, 23 urterekin 290koa jaso duen bigarren leitzarra da orain Inaxio, Miel Saralegirekin batera. 290 kiloko harriarekin hasi aitzinetik, bertze bi altxatu zituen berotzeko, eta horiei bina altxaldi eman. 195ekoarekin hasi zen eta gero 220koarekin segitu zuen. Marka berria egiteko prest agertu zen gero. Helburua lortu arren, guztiz gustura ere ez zen gelditu leitzarra: «zerbait hobeto ere egin nezakeela uste dut», erran zuen. Dena den, kontent egoteko arrazoirik ez zaio falta, lau onenen artean sailkatu baita. Aitzinetik, Miel Saralegi (329 kilo), Iñaki Perurena (320 kilo) eta Iñaki Otaegi Gibitegi (300 kilo) daude bera baino kilo gehiago jasota.