Lantzeko inauteria irudikatuko da heldu den otsailaren 9an

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 14a

Herritarren laguntza behar du dantza taldeak horretarako

Umore Ona Dantza Taldeak ekimen berezia antolatu du azken urte hauetan Kontuen Eguna izenaz ezagutzen den larunbaterako, otsailaren 9rako, alegia.
Nafarroako Lantz herrixkako inauteri ezaguna irudikatuko da herrian, beraz, Mielotxin, Ziripot, Zaldiko eta perratzaileak —inauteri horien pertsonaia nagusiak— eta beraiekin batera dantzatuko duten partaideak nagusituko dira herriaz aipatutako egunean. Dena den, Elena Gartzia dantza taldeko monitoreak esan zigunez, festa haundi honen antolakuntza konplexua da eta herritar askoren kolaborazioa ezinbestekoa omen da itxuraz ateratzekotan. Herriko eragileetatik jasotako erantzuna ona izan omen da, eta Gaztetxea eta Guraso Elkartea, esate baterako, lanean ari omen dira dagoeneko.
Pertsonaiekin batera kalejiran ibili beharko duten dantzarientzat ikastarotxoa eginen da ondorengo hiru larunbatetan. Jende askok eman du izena baina ateak irekiak omen dauzka oraindik parte hartu nahi duen guztiak.

Mutilak behar dira dantza taldean

Urte beltzak ahaztutakoan indartsu dago gaur egun Umore Ona Dantza Taldea. 40 kidek eta hiru irakaslek osatzen dute gaur egun. Ttikienen taldean neska eta mutikoen arteko oreka egokia omen da, baina helduen taldean mutilak falta dira. Goian aipatutako Elena Gartziak zuzentzen ditu neskak, eta Unai Miranda mutilen zain omen dago lanean hasteko. Bospaseik izena emanen balute, gaur egun dena baino askoz ederragoa izanen omen litzateke herritarrek hainbeste miresten duten dantza talde hau.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun