Abenduaren 29an Leitzako Gizarte ZerbitzuEk antolatuta, herrian bizi diren ekuadortarren jaialdi interesgarri bat egin zen. Kichwa herri indigenaz leitzarrak zehozer gehixeago ikasteko helburua xede hartuta, hango folklore eta gastronomiaz gozatzeko abagunea izan zuten Karrapera gerturatutakoek. Ekitaldia 17:30ean hasi zen eta bi ordutan, gauza ugari ikusi ahal izan zen. Bolibiar eta ekuadortar batzuek osatutako boskote bat Ande inguruetako abestirik ezagun eta garrantzitsuenetakoak plazaratzen aritu zen. Ondoren, Leitzan bizi diren ekuadortar batzuek beren herriko dantza batzuk erakutsi zizkieten leitzarrei. Eta ekitaldiari behar bezalako amaiera emateko, Karrapera gerturatutako guztiek Ekuadorko hainbat jaki eta edari dastatzeko aukera izan zuten.