Urtero legez, Ekialde Hurbileko Errege Magoak arduratu ziren ia bi aste iraun duten Gabon jaiei amaiera emateaz. Aurten etxe ugaritara poza eta opariak ekartzeaz gain, euria ere beraiekin ekarri zuten, eta Errege Magoak Leitzako karriketan barneratu zirenean, jendeak aterkiekin egon behar izan zuen.
Bestalde, aspaldiko ohitura zaharrari jarraiki, hilaren 4ko gauerdian herritar ugari ibili zen Leitzako kaleetan zintzarriak jotzen. Ohitura honen helburu garrantzitsuenen artean, hirukotearen etorrera iragarri eta espiritu txarrak aldentzea dago.
Jaiotza ugari
Gabon Jaietan, Orantzaroaren etorrera eta Ekialde Urruneko Errege Magoen etorreraz gain, protagonismo handixkoa hartzen duena jaiotza da. Etxe asko dira antzinako ohitura eta bakoitzak izan ditzakeen sineskera eta ilusioa oinarri, beren istorio partikularra sortzen dutenak. Beti dago zerbait, bestearengandik desberdinduko duena. Eguberri hauetan, bakoitzak bere etxean eduki duenaz gain, lau jaiotza bereizi egon ziren erakusgai. Bi udaletxeko gune desberdinetan eta beste biak San Migel Parrokian eta Oialde Txokon. Udaletxean ikusi zirenak Itxaro Lizarraga eta Lorea Arantzeta ama-alabek eginikoa eta Orkatz Erbiti gazteak eratutakoa izan ziren. Lehenek beren lehen esperientzia publikoa zuten eta Belengo herriaren elkartasuna nabarmendu nahi zuten. Orkatzek, aldiz, aurrekoan hasitako ohiturari jarraipena emanez, objektu berezi gisa, menditik ekarritako harri bat azpimarratu zuen.
San Miguel parrokiakoa urteroko bertsua izan zen, Eguberri eta Urteberri Egunean, nahikoa ikusmin sortarazten duena. Oialde Txokokoa, berriz, 2007an Koxkain taldeak eta Elkarte Katolikoak elkarlanean egin zuten lanaren emaitza. Nabarmendu, hamabostero Iruñetik etorri ziren jaiotza egile jakitun batzuen laguntza eta gomendioekin, pertsona eta gune asko, buztina eta poliespana bezalako materialekin eskuz eratu zituztela.