«Sahararrak leku irekian bizi dira baina hura kartzela bat da»

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 14a

Lorea, Maia eta Jon ARANTZETA Leitzako gazteak TTIPI TTAPA

• Abendu hasieran Leitzako bost gazte Saharan izan ziren, udan etxean jasotako hango umeak eta euren familiak bisitatzeko.

Nolatan erabaki zenuten Saharara joatea?
Leitzara aurten hiru ume etorri ziren. Gure etxera Jatri izeneko 12 urteko mutikoa etorri zen, aurten hirugarren urtez jarraian. Eta abenduan gu hiru anai-anarebak joan ginen Jatri eta bere familia bisitatzera. Espainiar estatuko Sahararren aldeko taldeek urtero bi aldiz antolatzen duen ekimena da, eta Nafarroako hegazkina ez zenez behar beste bete gu Zaragozakoekin joan ginen abenduaren 4tik 10era. Irati eta Aratz beste bi leitzarrak, berriz, Madrilekoekin joan ziren. Zaragozatik Oranera (Argelia) ordu eta bost minutu inguruz joan ginen, eta handik Tindufera.

Nola bizi dira Tindufen?

Hango bizitza inhumanoa edo krudela da. Oso ondo pasatu genituen egunak, baina panorama beltza da. Eurek barruko bizitasuna hor dute, jaiak antolatzen saiatzen dira, are gehiago kanpokoak joatean... Umeak edozein momentutan dantzan eta kantuan ari dira, alaiak eta abegitsuak dira baina bizi baldintzak penagarriak dira. Ez dute ur korronterik, ez elektrizitaterik, ez saneamenturik, jatekoa justu-justuan... Kanpotik heltzen zaienarekin bizi dira.

Nolako harrera egin zizueten?

Lehen unetik oso ona, gainera Jatri gurean izaten dela kontuan hartuz... Lau anai-arreba dira 12, 14, 20 eta 29 urtekoak eta denak kanpoan egondakoak, ikasten, lanean... Herri guneetan dauden denda txiki batean egiten du batek lan, jai egunik gabe. Anai nagusiak, ordea, ez zuen lanik egiten eta gurekin ibili zen. Asko arduratu ziren.

Zer egin zenuten han?

Egun batean Irati eta Aratz ikustera joan ginen, beste batean egun pasa eta beste behin festa erraldoi batera, Esmaran ere izan ginen Leitzako paketeak eramatera... Han ez dago ikusteko lekurik, ezin da turismoa egin. Gainera ez dago errepiderik, aireportutik Argeliako militarraren gune batera doana soilik dago eta eurentzat bakarrik da, sahararrek ezin dute erabili. Land roverretan ibiltzen dira baina hare artean egindako pistetatik, 5 kilometro orduko edo.

Bueltatzeko asmoarekin?

Esperientzia oso ona izan da, baina egoera penagarria da eta ez dago eskubiderik. Bertara joan eta ez dela ezer pasatzen ematen du, baina militarrez eta minaz inguraturik daude, eta edozein unetan lehertu daitezke. Leku irekian bizi dira baina hura kartzela bat da. Libia eta Argeliak lagutzen diote, baina lehena laguntza murrizten ari da Marokorekin harremanak hobetzen hasi denetik. Espainiako Gobernuan Aznar zegoenean, hau Bushen alde zegoen eta Bushentzat Sahara estrategikoa da, hangoa ez delako hain islam itxia. Marokotik independentzia lortzearen alde zegoen. Baina Zapatero ez da hain AEBen aldekoa eta inmigrazioari eta arrantzari lotutako akordioak sinatu ditu Marokorekin: etorkinei Espainiara joaten ez uzteko eta Espainiari Marokok beretzat jotzen dituen Saharako uretan arrantza egiten uzteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun