• Piriniotako azken plantigradoaz «Hartzak Piriniotan XXI. mendean» Migel Mari Elosegi leitzarrak eginiko lana eta gogoetak saritu dituzte Juan Zelaia saiakera sarian Joseba Azkarragak egin duen «Diruak behar luke bihotzik» liburuarekin batera.
• Migel Mari Elosegi “Luze” basozaina da Leitzan, eta aspaldian sortu zitzaion hartzekiko interesa. Batez ere, ohartu zenean animali honek izan duen eta izan beharko lukeen garrantziaz.
Hartzarengandik zer ikasterik ba al dugu, zergatik da interesantea animalia hau?
Gauza asko dugu ikasteko, noski. Adibidez, izugarrizko gaitasuna du egoera zailei aurre egiteko. Neguan bi hilabete (hemen, Alaskan sei) igarotzen ditu lotan nahikoa jan ondoren.
Hartzaren defentsa sutsua egiten al duzu?
Sutsua baino gehiago konbentzitua.Kontserbatzeak merezi duela uste dut. Berehala ohartu nintzen hartzak sekulako garrantzia izan zuela Pirinioetan ez ezik inguruko herrietan ere, oso berezia zela. Eta konturatu nintzen desagertzen ari zela, oso zaila zuela Pirinioetan jarraitzea.
Orain badirudi denok sensibilitate berezia dugula animalia honengan…
Betikoa, arazo handiak gertatzen direnean denak jartzen gara horrela, gizartea horrelakoa da…
Hainbat ikuskizunen sortzaile zara, antzerkigile batez ere, zeure gidoietan sartuko zenuke gai hau? nola?
Bai, baina niri antzerki lanetan umorea gustatzen zait eta oraingo Pirineotako egoera ez da umoretsua.
Ekologista osoa izateko zer falta zaizu?
Ekologista izatea. Nik bat egiten dut haiekin, baina gauza askotan ez.
Saria jasotzerakoan zer sentitu duzu?
Poza handia, baina ondorengo guztia; komunikabideak batez ere,… tokiz kanpokoa iruditu zait.
Eta saria bien artean banatu behar zenuela jakiterakoan, sari erdia alegia?
Poza handia. Norbaiti nire lana gustatu zaio! Ondorengoa (komunikabideak,…) gehixko.
Zure sentimenduaren aldeko artzairik ba al da?
Bai, batzuk bai. Hartza berezia izan da haientzat ere. Dena dela, eta normala denez, aziendak dira garrantzitsuena abeltzainentzat. Oso garrantzitsua da jakitea bertako batek, artzain batek edo inguruko bizilagunek, zer duten hartzaren kontra eta zer alde.
Nork du kontzientziarik gehien?
Mundu urbanoan bat egiten dute hartzarekiko jarrerarekin, eta nekazaritza munduan gehienek ez, baina gauzak aldatzen ari dira.
Yoggi marrazki bizidunetako hartza zer?
Aspaldian ikusi gabe dut, baina irudiek asko balio dute pertsonok hartzengana hurbiltzeko.
Hartza bi hitzetan.
Ederra eta egurtua.
Ze galdera jarriko zenuke zuk elkarrizketa bukatzeko?
-Ze etorkizun ote du hartzak Piriniotan? Erantzuna: Orohar mundu mailan hartza ez dago arriskuan baina Piriniotan desagertzear dago. Dena dela, gizarteak kontserbatzea erabakitzen badu, Piriniotan bizileku egokia dute oraindik. Odol berria behar…