Orantzaroak Maimur lamiaren eta iratxo dantzarien bisita izan du

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 2a

Orantzaro eta Maimur elkarrekin egon ziren herriko plazan jendaurrean. TTIPI TTAPA

Bertso eskolakoek lehen agurra egin ondotik abesbatzakoak kantuan ibili ziren Orantzarorekin

Euskal Herriko txoko denetan bezala, Orantzaroak Leitzan ere ez zuen hutsik egin. Eguerdi parteko lehen kanpai hotsak entzutearekin batera, herriko txikienak izan ziren beren guraso eta senitartekoak lagun, ikazkin zaharraren etorrera iragartzen hasi ziren lehenak. Herri osoa kantuz eta alaitasunez zipriztintzen jardun zuten bazkal ordua iritsi arte.

Ordu batzuk geroago, arratsaldeko zazpiak aldera, eguneko protagonista nagusia herriko plazan agertu zen. Lehen agurra, Bertso Eskolako bi mutil gaztek egin zioten eta ondoren Asketa Abesbatzakoak arduratu ziren ikazkinak urtero herrian barna egiten duen espedizioa kantuz hornitzeaz. Bidaiatxoa egin ostean, Orantzaroa berriro ere plazara gerturatu zen. Bertan, aspaldi leitzarrek ikusteke zeukaten Maimur lamia agertu zen. Bien artean, enparantzaren bihotzean, aurtengo Gabon gauari nortasun magikoa eskaini zion suz eratutako artelan bereizi bat piztu zuten. Hauekin batera, Iratxo Dantzariak ere herrira jaitsi zirela. Lan askotxo egitea suertatu zitzaien. Orantzaroak eta Maimurrek bizia eman zioten su bereziaren inguruan dantzatzeaz gain, ikazkinak gau osoan zehar herrian eginiko bidaia argiztatu eta eduki zitzakeen zalantzak argitzen jardun baitzuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun