Nafarroako Gobernuko Mendietako Departamentuak eta Goizuetako Udalak adostu dute azkenean aurtengo neguko landaketa kanpaina. Sartu beharreko landare motei buruzkoa izan da eztabaida gehienbat. Herriaren ekonomiarentzat mendiak duen garrantzia kontutan hartuz, landare produktiboak aldatzearen aldekoa da Udala, ahal den neurrian behintzat. Honek bi oztopo nagusi omen ditu: bat, pinuaren fusarium gaitza dela-eta koniferarik ezin dela landatu, eta bestea, mendi publikoetako birlandaketetan landareen %25a gutxienez hosto zabala izan behar duela.
Datu zehatzetara igaroz esan, 07-08ko neguan (martxoaren 15erako lanak bukatuta izan beharko dute), lau mendi birlandatuko direla, 71 hektarea guztira. Burugorriko 26 hektareak eta Gaztaineneako 11k Nafarroako Gobernuaren gain joanen dira %100ean, eta bertako haritza, sekuoia, astigarra eta urkia sartuko dira, besteak beste. Epeleko txokoko eta Etxolla-Galtzanburuko landaketek tratamendu ezberdina izanen dute. Hauen ardura udaletxearena da zuzenean eta landare produktiboen proportzioa haundiagoa da, %60an Iruñeak subentzionatuak izan arren. Douglas izeia, sekuoia, alertze japoniarra eta tuliperoa nabarmentzen dira beste hainbat landare moten gainetik. Abenduaren 19ko plenoan esleitu zituen korporazioak azken bi lote hauek, Etxarte eta Aginagalderi, hurrenez hurren.