290 kiloko harriarekin marka egiten saiatuko da Inaxio Perurena Urtezahar Egunean

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 27a

TTIPI TTAPA

Altxatuz gero, 23 urterekin Saralegiren marka berdinduko du

Marka berria egin nahi du Perurenak Urtezahar Egunean: 290 kiloko harria altxatzen saiatuko da Asteasun. 285 kilotan du bere azken marka, Euskadiko Sei Orduetan izan zen hori. 2005eko azaroan, berriz, 280 kiloko harria jaso zuen, 21 urterekin. Hamahiru segundo nahiko izan zuen harria bizkarrean berdintzeko, altxaldi garbi baten ostean. Lorpen hura adierazgarria izan zen harri-jasotzearen munduan, Miel Saralegi herrikideak adin berarekin jaso baitzuen pisu bereko harria. Gisa berean, bi eskuko jardunean lau onenen artean jarri zen. Miel Saralegi (329 kilo), Iñaki Perurena (320 kilo) eta Iñaki Otaegi Gibitegi-ren (300 kilo) ondotik. Asteasun 290ekoa jasoz gero, 23 urterekin Saralegiren marka berdinduko luke, baina horrek ez du arduratzen Perurena II.a. «16-17 urterekin adinari begiratzen da, baina behin puntu batera ailegatuta, ez zaio begiratzen besteek noiz egin zuten zer», dio Inaxiok.
Zortzi urte daramatza semeak markak ezartzen, eta etorkizunean ere, bi beso zein bakarrarekin, bide horretatik jarraitzeko asmoa duela adierazi digu.

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa

Urtezahar Egunean 16:30ean du hitzordua Asteasun. Baina aitzinetik Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako kanporaketak jokatuko dira. Alde batetik, Arria V.a eta Peñagarikano, Txapartegi eta Etxebesteren aurka arituko dira, final laurdenetara sailkatzeko. Bertzetik, berriz, gazteen mailan A taldean Mugertza III.a eta Alkizalete II.a, Jauregi eta Flores II.aren aurka lehiatuko dira. A talde honetan Kañamares III eta Jon Rodiguez da azken bikotea. B taldean, berriz, eskualdeko jendea dugu: Larretxea lehengusuak, Ander Erasun eta Alejandro Mindegia eta Olano eta Ruben Saralegi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun