Lizarrako txapelketaren finala jokatuko du Aurrerako Lansalot-ek

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 20a

Igandean, 22 urtez beherako kategorian

Aurrerako Aimar Lansalot pilotariak Lizarrako txapelketaren finala jokatuko du igande honetan, abenduaren 23an, 22 urtez beheitiko kategorian. Gorka izanen du arerio Lansalotek eta Lizarrako Remontival pilotalekuan goizeko 10etan hasiko den jaialdiaren laugarren partida izanen da.

Lansalotek abenduaren 12an jokatu zuen finalerdia Saezen kontra eta 22 eta 11 irabazi zuen. Aipatzekoa da, abenduaren 15ean, Nafarroako Jolas Kirolen bi final jokatu zituztela Aurrerako pilotariek. Atarrabian, alebinen lehen mailako finalean, Aurrerako Sagastibeltza Lasartek eta Saralegik 18 eta 10 irabazi zieten Oberenako Andueza eta Mariezkurrenari. Infantilen lehen mailako finalean, berriz, bi bikoteak Aurrerakoak izaki, bakarrak ekarri zuen txapela Leitazra. Anartz Olanol eta Mikel Hernandorenak 18 eta 16 irabazi zieten Xabier Jaunarena eta Joxerra Aldaregiari.

Lizarrako Eguberrietak txapelketa

Asteburu honetan, Lansalot-en finalaz gain, beste zenbait parida izanen dituzte Aurrerako pilotariek, Lizarrako Eguberrietako txapelketan. Ortziralean, abenduaren 21ean, jubenil mailan, Aurrerako Etxeberria eta Jaunarena, Sukia eta Pazosen kontra ariko dira. Larunbatean, berriz, alebin mailan, Aurrerako Sagastibeltza Lasarte eta Mateok, Egiguren eta Orrioren kontra jokatuko dute eta infantil mailan, Aurrerako Olano eta Otamendik, Untxalo eta Tolosaren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun