Aizkora apostua eginen dute igandean Tolosan Rekondo eta Otaegik

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 20a

Leitzarrak eta zizurkildarrak launa mila euro jokatu dituzte

Joseba Otaegi zizurkildarra eta Jon Rekondo leitzarra igandean, abenduaren 23an neurtuko dira Tolosako zezen-plazan. Aizkolari bakoitzak zortzi kana-erdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko ditu. Kana-erdikoak Jon Rekondok plazaratuko ditu, eta 60 ontzakoak, berriz, Joseba Otaegik eraman beharko ditu. Aizkolari bakoitzak 4.000 euro jokatzen ditu dirutan. Otaegi eta Rekondo, biak dira gazteak. Lehenengoa Zizurkilgoa da, eta bigarrena, berriz, Leitzakoa. Biak dabiltza maila onean, eta bi herriek Tolosa erdian harrapatzen dutenez, pentsatzekoa da, zezen-plazako harmailek sarrera bikaina izanen dutela igandean.

Bi aizkolariek egin dutenari gibelera begira jarrita, Otaegik aurten Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela irabazi du. Rekondok, aldiz, Bigarren Mailari eutsi egin dio, baina kanporaketan zaleek uste zutena baino maila kaskarragoa eman zuen. Inoiz egin zuen saiorik eskasena izango zela ere onartu zuen leitzarrak kanporaketa bukatutakoan.

Bi aizkolari horiek final batean buruz buru ere neurtuta daude. Orain dela bi urteko Urrezko Aizkoran izan ziren, 23 urtez azpikoetan neurtu ziren. Orduan Rekondo zen faboritoa, baina Otaegik irabazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun