Azaroaren 26ko goizaldean, Vanpac S.A. enpresak Leitzan daukan egoitzak su hartu zuen. Antza, eraikuntzaren kanpoaldean zeuden paper prentsatuetan sortu zen sua eta pixkanaka zabaltzen joan zen. Segurtasun sistemak berehala aktibatu ziren eta suhiltzaileak ere segidan gerturatu ziren sua itzaltzera. Eguna argitzerako dena kontrolatua zuten. Ez zen Vanpac S.A. enpresaren lehen ezbeharra. izan, 2006ko urrian, beste sute bat gertatu baitzen. Orduan ondorioak kaltegarriagoak izan ziren. Azken sutean 100 bat tona material erre ziren eta iazkoan, materiala erretzeaz gain eraikuntzak kalte handiak jasan zituen. Halere, azken gertakari honek zalantzak sortarazi ditu enpresako arduradunengan. Jokin Dorronsoro lantegiko gerentearen arabera, ez zen ezusteko baten ondorioa izan, eta nahita sortutakoa izan liteke. Azaroaren 15ean, enpresak Oiartzunen daukan egoitzan beste sute bat izan zuen eta ordukoak Leitzan gertutakoaren antza handia du. Orain kasua Guardia Zibila eta abokatuen esku dago.