Ehunka lagun igo dira Ganbarara aurtengo azaroko asteburuetan bertan burututako ekitaldiak ikusi asmoz. Inoiz ez bezalako erantzuna eman diote, beraz, herritarrek Azaro Kulturalari, Kultur Taldeak eta Udalak antolakuntzan bete-betean asmatu dutenaren seinale. Eriz magoak, Jaione Olazabalek eta bertso idatzien jaialdiak bete egin zuten Ganbara, eta diapositiba emanaldia, Xalto Sariaren kanporaketan eta zine proiekzioan ere jendetza polita bildu zen aretoan. Hilabeteko ekitaldi nagusiak, feriak, alegia, jasotako erantzuna baloratzeko hitz bat bakarra erabili liteke: ikaragarria. Mingain urdinaren ondorioz aziendak ezin kaleratu izanak kalte egin zion feriari dudarik gabe, eguerdi artean plazak zeukan itxurari batez ere. Dena den, bazkalordutik igande goizera arte ederki ahaztu ziren mingain urdinak, paregabea izan baitzen herriko festa giroa.