Jon Jaunarena leitzarrak Cafés Baqué eta Guillermo Mazo txapelketen finalak jokatuko ditu

ttipi-ttapa 2007ko azaroaren 30a

Jon Jaunarena leitzarrak hiru txapel haundi janzteko aukera dauka. TTIPI TTAPA

Diario Vasco txapelketan ere finalaurrekoan dago

Jon Jaunarena, Aurrerako pilotari leitzarrak Guillermo Mazoren omenez egiten den gazte mailako lau terdiko txapelketa eta Cafés Baqué txapelketako finalak jokatuko ditu abendu hasieran. Jaunarena kadete adinekoa da, baina jubenil mailari zuzendutako Guillermo Mazo txapelketaren finalera sartzea lortu zuen azaroaren 27an. Ez nolanahi gainera, finalaurrekoan 18 eta 2 irabazi baitzion Irurtzungo Zabaletari, erakustaldi bikaina eginez. Ofizialki ez bada ere, Nafarroako gazte mailako lau terdiko txapelketatzat jotzen da Guillermo Mazo Memoriala eta abenduaren 3an, astelehenean, txapela janzteko aukera izanen du Iruñeko Labrit pilotalekuan. Eguerdiko 12:30ean hasiko den finalean, Antsotegi izanen du arerio. Kadete mailako Cafés Baqué txapelketari dagokionez, Jon Jaurenak 18 eta 8 irabazi zion azaroaren 28an Bolinagari, finalaurrekoan. Orain, finala abenduaren 8an jokatuko du, Irurtzungo Zabaletaren kontra, Guillermo Mazo txapelketako finalaurreko arerioaren aurka, hain zuzen.

Bakarka ez ezik, binaka ere ongi ari da Jon Jaunarena. Gazte mailako Diario Vasco txapelketako finalaurrekoa jokatuko du abenduaren 6an Urretxun. Arratsaldeko 17:30etik aurrera, Jaunarena eta Bolinaga, Urrutikoetxea eta Landabururen kontra arituko dira. Ez da nolanahiko urtea Jon Jaunarenarentzat. Dagoeneko, Amezketa, Altsasua eta Elgetako lau terdiko txapelketak irabaziak ditu eta Leitzarekin Nafarroako Herriarteko txapelketa ere bereganatu zuen.

Nafarroako Kirol Jolasak

Baina Jon Jaunarena ez da aste hondar honetan pilotan ariko den Aurrerako pilotari bakarra. Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, Ostiralean, azaroaren 30ean, Amazabal pilotalekuan, alebin mailan, Aurrerako Mikel Sagastibeltza eta Iñaki Saralegi, Oberenako bikotearen kontra arituko dira. Abenduaren 1ean, goizeko 10etan hasita beste hainbat partida jokatuko dira Amazabalen. Lehen mailako infantiletan, Aurrrerako Anartz Olano eta Mikel Hernadorena, Zugarraldeko bikotearen kontra rituko dira eta Xabier Jaunarena eta Joxerra Aldaregia, San Migueleko bikotearen kontra. 22 urtez beherako kategorian, Aurrerako Lansalot eta Goikoetxea, Zugarraldeko Iraola eta Soroaren kontra arituko dira.

Larunbat goizerako partida gehiago izanen dituzte Leitzako pilotariek. Donezteben, bigarren mailako alebinetan, Aurrerako Ander Eskudero eta Oinatz Mariezkurrenak Errekako bikotea izanen dute arerio eta bigarren mailako infantiletan, Ibai Gil eta Jon Iparragirrek ere Errekakoen kontra jokatuko dute. Burlatan, bigarren mailako benjaminetan, Aurrerako Ander Alduntzin eta Aimar Gil, Zugarraldeko bikotearen kontra arituko dira eta lehen mailako alebinetan, Mikel Sagastibeltzak eta Asier Gilek Zugarraldekoen kontra jokatuko dute. Latasan, bigarren mailako alebinetan, Aurrerako Lenitz Galartza eta Julen Goikoetxea, Irurtzungo bikotearen kontra arituko dira eta gauza bera egin beharko dute, bigarren mailako infantiletan, Mikel Onsalok eta Xabier Erasok. Iruñan, azkenik, lehen mailako alebinetan, Aurrerako Ander Gartziarena eta Josu Zabaleta Oberenako bikotearen kontra arituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun