Vanpac enpresan sutea gertatu zen astelehen goizaldean

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 28a

Joan den urteko urrian ere lantegi berak su hartu zuen

Astelehen goizaldean izandako sute batek kalte ugari eragin zituen papera eta kartoia birziklatzen duen Leitzako Vanpac enpresan. Badirudi sutea nahita eragindakoa izan zela eta urtebetez hirugarren aldia da Vanpac enpresako lantegi batek su hartzen duela. 2006ko urrian Leitzako lantegi berean izan zen sua, oraingoa baino askoz bortitzagoa eta suhiltzaile bat zauritua suertatu zen. Orduan, istripua izan zela erabaki zuen guardiazibilak. Duela hamar egun Oiartzungo lantegian izan zen sua eta Ertzaintza oraindik ikertzen ari da nahita eragindakoa izan zen ala ez.

Lan arloko zenbait arazo ditu enpresak eta orain horrek suteekin harremana ote duen aztertzen ari da Guardia Zibila. Astelehen goizaldeko 3.45ak aldera gertatu zen sua eta Leitzako suhiltzaileekin batera, Altsasua eta Iruñekoak ere bertaratu ziren. Nabe baten kanpo eta barne aldean zeuden paper-fardoek hartu zuten sua, baina lantegia gauez itxita egiten denez, ez zen kalte pertsonalik izan. Goizeko 6etarako kontrolpean zegoen sua, eta ordu batzuk beranduago erabat itzali zuten. Lehenbiziko datuen arabera, nahita eragindakoa izan zen. Enpresako iturriek diotenez, ezezagun batzuk errepidetik lantegira su-poteak botatzen ikusi zituzten lekukoek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun