Mingain urdina eskualdera hedatu da. Azaroaren hasieran Oiartzun eta Errenteriako (Gipuzkoa) bederatzi etxaldetan ardiei eta behiei eragiten dien gaitz hori hedatu zela jakin zenetik, Nafarroa iparraldean, 1.897 odol froga egin zituen Nafarroako Gobernuak inguruko 20 kilometroko eremuan, eta tartean gure eskualdeko hainbat baserritan. Azaroaren 14an jakin genuen emaitz horien berri lehenbizikoz, eta gaitzak jotako kasuak ere bai. Lau kasu agertu ziren Nafarroan: Goizuetako bi baserritan, eta Leitzako bertze batean lau behi gaixotuta daudela adierazi zuten. Horren ondotik, joan den astean, mingain urdinaren eritasunak jotako bertze azienda agertu zen; Nafarroan, ardietan lehendabizikoa, eta hau ere Goizuetan.
Nafarroan agertu diren lehen 5 kasuak eskualdean izan dira, Goizuetan eta Leitzan. Baina horietaz gain, datozen egunetan kasu gehiago agertzea ere posible dela onartu zuen Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Landa Garapenerako kontseilariak. Gisa berean, ardientzako txerto kanpaina abian dela gogoratu zuen Sanzberro kontseilariak, eta abenduaren hasierarako Espainiako Gobernuak behientzako txertoak ere bidaltzea espero dutela gaineratu zuen. Bitartean eritasunari aitzin egiteko lanean segituko dutela erran zuen.