«Lan bat kaleratzea zaila da, argitaletxeek ez baitute busti nahi»

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 26a

Patziku Perurena TTIPI TTAPA

• Aspaldidanik Leitzan bizi den Patziku Perurena goizuetarrak saiakera berria kaleratu du: Dakiguna ikasten (Alberdania).
• Poesiari buruz idazten hasi zen eta duela 22 urte argitaratu zuen lehen poema bilduma. Baina ez da genero bakar batera mugatu eta geroztik liburu saila egin ditu.
• Azken lana globalizazioarekin lotuta dagoela azaldu digu, «kanpotik datorkigun bonbardaketaren aurrean, bakoitzak barruan daukaguna zeinen baliagarria den ohartzeko».

Orain hiru urte, Harrizko pareta erdi urraturik eta aurten harrizko paretak urratu eta Dakiguna Ikasten. Zer ikus daiteke lan honetan?
Harria ikaragarri gustatzen zait, denboran eta espazioan, sinbologiarik handienetakoa eduki dezakeena baita. Hortaz harriari hainbesteko erreferentzia, bai azalean, baita aurretik argitaratutako lanean ere. Mamia, aspaldidanik ezer argitaratu gabe nengoela aprobetxatuz, gai askoz osatutako zakua da. Liburua osotasunean ugaria da. Orain irakurleak esan beharko du.

Nolatan izenburu hori?
Mila zentzu izan dezaken arren, egiaz, egun bizi dugun globalizazioaren fenomenoarekin lotua dago. Badirudi norbanakoak egun bizi guztia kanpoko gaiak ikasten eta barneratzen igarotzen duela. Baina aldi berean, ahaztu egiten gara bakoitzak barruan daukagun hazi edo nortasun hori nondik datorren. Hori da adierazi nahi dudana, kanpotik datorkigun nolabaiteko bonbardaketa geldiezinaren aurrean, bakoitzak barnean daukagun hori zein merkea eta baliagarria den ohartzea.

Txillardegik lan batean, «Egunkari hau, neure kezken kutxa izango da» aipatu zuen...
Ni ere zeozer idazten hasten naizenean, kezka bat tarteko hasi ohi naiz. Askok esaten didate oso kritikoa naizela, baina mundu guztiak bizi duena eta nik neronek arruntasunez bizi dudan zerbaiten inguruan idaztea, alferrikako lana iruditzen zait. Gure bizitza, J.M. Irigoienek esango lukeen moduan, poliedrikoa dela deritzot, hau da, ehun alde desberdinetatik ikus daitekeena. Ni gutxien ikus daitekeen perspektiba azaltzen edo horren inguruan idazten ahalegintzen naiz.

«Fruitu ttipiak eskuragarri dauzkan zuhaitz eder bat» bailitzan aurkezten da liburua. Dastatzen hastean, gozotik ala gazitik du gehiago?
Egungo gizartean dagoen baino gozotasun gehiago eta zentzu poetiko batean txertatutako garraztasuna dago liburuan. Garraztasuna agian gehiago egonen da, baina orokorrean, eguneroko gaien inguruan mintzatzen naiz: maitasuna, sexua, natura, filologia, oinazea, zoriontasuna…

Zure hausnarketez gain, filosofoen, pentsalarien… hitzak daude.
Nire lagun onenak liburuak izan dira. Gauza tristea da, liburua berez gauza hotza eta materiala baita, baina liburu batean hainbeste maitasun, poetikotasun, berotasun edo bihotzeko istorio oso gutxitan harrapatu dut. Pasarte asko beste autoreenak diren arren, pertsonalak dira eta gordinean neure baitatik atereak. Beste askorenak garai bateko adabakiekin konparatuko nituzke, petatxu lana egiten baitute. Denak, hori bai, nire gustuko literariotasun eta poetikotasunarekin hornituak.

Hurrengoan pentsatzen hasi zara?
Bi ume dauzkat, eta nahi edo ez, bizimodua asko aldatzen dute, baina materiala metatzen ari naiz. Dena den, egun lan bat argitaratzea nahiko zaila da. Argitaletxeek ez dute inolaz ere busti nahi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun