Plazaolako Bide Berdea saritu dute Europako sariketa batean

Utzitako argazkiak 2007ko azaroaren 12a

Jose Mari Aierdi, Plazaolako Partzuergoko presidenteak jaso zuen saria. TTIPI TTAPA

Bide Berdeen garapen eta turismoan lehen saria eskuratu du, 26 hautagaien artean

Plazaolako Bide Berdeak garapen eta turismoaren kategorian lehenbiziko saria eskuratu du, Europako Bide Berdeen hirugarren sariketan. Plazaolako Partzuergo Turistikoak baliabide hau berreskuratzeko azken urteetan egin duen lanari emandako saria izan da. Partzuergoaren kudeaketa sistema ere baloratu dute saria ematerakoan, udal erakundeak eta enpresa pribatuen elkarteak elkarlanean ari baitira. Bide berdearen inguruan bultzatutako turismo eskaintzak, eskualdearen bizkarrezurra osatzen duela ere aipatu zuten sari emaileek.

Sari banaketa joan den asteazkenean, azaroaren 7an egin zen Madrilen, Bide Berdeen Turismoa eta Osasunari buruzko jardunaldi teknikoen barrenean eta Espainiako Ingurumen Ministroa, Cristina Narbona, bertan izan zen. Dena den, Europako herrialde ezberdinetako Trenabide elkarteek eta bertze erakundeek osatzen duten sariketaren epaimahaia irailaren 24an bildu zen. Plazaolako Bide Berdearekin batera, Espainia, Frantzia, Italia, Belgika, Erresuma Batua, Irlanda, Austria eta Txekiar Errepublikako beste 26 kandidaturekin lehiatu ziren, bi sariren bila: Plazaolako Bide Berdeak eskuratu duen Garapen eta turismoarena alde batetik, eta Mugikortasunarena, bertzetik.

Plazaolako ordezkariak gustora zeuden. Jose Maria Aierdi presidenteak solasaldia eskaini zuen jardunaldietan, Bide Berdeetako turismo promozio kanpainetako praktiken inguruan, teknologia berriak eta marketing tresnak landuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun