Oilartxoaren aro berria

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 9a

TTIPI TTAPA

On Juan Bautistaren agurraren ondotik, Leitzako Asketa abesbatzak bere bidea egiten dihardu. On J.J. zenaren ondoren, Berako apaiza arduratu baita Leitzako taldeak gidatzeaz. Asketakoek Irazokiren hutsartea ondo hornitzen jakin dute eta Oilartxoaren ordezkariak doinuz eta letrez zipriztindutako ilusiozko aro berri batean daude. Polonia eta Paris bezalako lekuak bisitatu dituen hegaztiaren bi arduradun nagusiak Ainara Roda eta Eguzkiñe Zabaleta izanen dira. Lehena Gazte abesbatzaren gidari izango da. Eguzkiñe, berriz, txikietaz arduratuko da. Dena den, Eguzkiñek bere betebehar berrian ez du bakarrik jardungo. Ikasketak kanpoan burutzen dituela aintzat hartuta, Gazte abesbatzako ordezkariak arduratuko baitira astez egin beharreko entseguak egiteaz. Aro berriko lehen hitzordua abenduaren 3an Garesen izanen dute. Gabon Egunean Leitzako karriketan eta hilaren 29an Soraluzen ere, Oilartxoa ikuskatzeko parada egonen da. Momentuz, prestaketa lanean dihardute beren betiko habitxoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun