Orbea taldeko txirrindularia izango den Mikel Nieve leitzarrak 2006-2007 denboraldiko estatu espainiarreko amateurrik onenaren izendapena jaso du. Aipamen hau Espainiako Txirrindulari Federazioak amateur mailan kudeatzen duen programa batetik atera ohi da. Urte osoan estatu mailan egindako lasterketen errepaso zehatza egiten da eta onenei puntuazio jakin bat ematen zaie. Lasterketa guztiek ez dute puntuazio bera, itzuli batean hirugarren gelditzeak edota egun bateko saio batean txapela janzteak kopuru desberdina eman baitiezaioke kirolariari. Edozein kasutan, aurtengoan puntu gehien poltsikoratu dituena Nieve izan da.