Leitzako Udalak urriaren 18an hasi eta azaroaren 10a bitarte, etxebizitzen inguruko galdetegi kanpaina bat garatuko du. Helburua Leitzan bizi nahi duten orok zer-nolako beharrak dauzkaten argitzea da. Udalaren esanetan, herria txikia izan arren, behar desberdinak daude. Beraz, ondo legoke herritarrek eduki ditzaketen kezkak eta nahiak zein motatakoak diren jakitea.
Proiektuaren arduraduna soziologo bat izanen da. Interesatuak berarekin bilduko dira dagokion inkesta burutzeko. Aipatu, egoera desberdin bakoitzarentzat, galdetegi ezberdina egituratu dutela, lanean ari den baten edota ikasketetan murgilduta dagoen herritarraren egoerak ez baitira inolaz ere alderagarriak. Behin galdetegiak egiteko epea amaituta, soziologoak txostena egingo du eta orduan jakingo dugu, Leitzak etxebizitzei buruzko nolako beharrak dituen.
Azterketan parte hartzeko 012 zenbakira deitu beharko da eta bertan ikerlariarekin biltzeko hitzordua emanen da. Programa 16 urtetik gorako herritarrei zuzendua dago.