Herritar guztiek estimu handian edukiko dute seguru aski suhiltzaileen parkeko larrialdietarako anbulantziak betetzen duen lana. Ba orain, beste urrats bat egiteko garaia ailegatu dela dirudi, zerbitzua behar bezala betetzekotan boluntario berriak behar baititu hortaz arduratzen den taldeak.
Hainbat arrazoi pertsonalen ondorioz, pixkanaka-pixkanaka murrizten joan omen da bolondresen kopurua gaur egungo hamar lagunera jaitsi den arte. Erraz ulertu litekeen bezala, urteko egun eta ordu guztiak betetzeko ez du ematen jende kopuru horrek, eta ondorioz, egun batzuk zerbitzurik gabe gelditzen dira. Hutsarte horietan larrialdiren bat gertatuz gero, Donostiatik edo Leitzatik ekarri behar izaten da anbulantzia.
Ibon Elizegi bolondresak esan zigunez, beste ondorio larri samar bat ere ekar omen lezake zerbitzua bere osotasunean ezin estali honek: indarrean dagoen araudiaren arabera, 8 urtetik aldatu behar dira anbulantziak, eta gureak hurrengo martxoan betetzen dituenez, berria ekarri behar da ordurako. Horretarako Nafarroako Gobernua eta Udalaren arteko hitzarmena behar da, eta bolondres faltarengatik zerbitzua ezin bete honek, Iruña finantziazioa ukatzera eraman lezakenaren beldur da Ibon. Honek, jakina, anbulantziarik gabe utziko luke herria.
Egoera honen aurrean aipaturiko bolondres taldeko kide izateko prest dauden herritarrek Angelekin edo Ibonekin hitz egin beharko dute. Dena den, deialdi publikoa ere luzatuko da ondorengo asteetan.