Leitzako udalak Kilometroak 07 diruz lagundu ez duela salatu du EAk

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 19a

Leitzako Eusko Alkartasunako herriko batzordeak herriko alkatea, ANVko Xabier Zabalo kritikatu du, 2007ko Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko festari dirulaguntza ukatu diolako. Ospakizun honetarako dirulaguntza eskatu zuen Bergarako Aranzadi ikastolak, baina Leitzako udalak ezezkoa eman dio, “dirurik ez dagoelako” Leitzako EAren ustez, hori eta aurreko legealdian ere ez zela eman esatea aitzaki hutsa da eta “gutxienez laguntza sinbolikoa eman zitekeen, Nafarroa Oinezi edo Herri Urratsi ematen zaion bezalaxe”. Aitor Etxarri zinegotziak aipatu duenez, “euskararen irakaskuntzak aurrera egin dezan oso garrantzitsua da ikastolak laguntzea eta Leitzako udalak ere laguntza hori eman beharko luke, txikia izanda ere, proiektua babesteko”.

Leitzako EAren esanetan “ANVk euskara laguntzen duela esaten du, baina Kilometroak bezalako ekimen positiboak laguntzeaz ahazten da”. “Ez gara ari milaka euroko laguntzaz, ikastolen lanarekin sentsibilizazioa erakusteaz baizik” aipatu du Aitor Etxarrik eta ANVk bere jarrera aldatu eta 2007ko Kilometroak laguntzea espero du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun