Juan Mª Barriola mendiko zinegotzi delegatu

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 11

Irailaren 28ko osoko bilkuran, Juan Maria Barriola leitzarra mendiko zinegotzi delegatu izendatu zuten. Ekainaren 30ean erabaki ziren zinegotzi bakoitzak datozen lau urteetan burutu beharreko betebeharrak, baina mendiko ordezkaritzari zegokiona zehaztu gabe geratu zen. Hemendik aurrera, beraz, Barriola izanen da esparrua horren inguruko erabakiak hartzeko arduraduna.

Horrez gain, bilkurak bestelako erabaki batzuk utzi zituen mahai-gainean. Batetik hilerria zabaltzeko baimena lortu zuten. Bestetik, berriz, EAE alderdiak irailaren 9an Donostiako Alde Zaharrean izandako gertakarien inguruan aurkeztutako mozioa onartu zen. Eskaera honetan, Estropada egunean Donostiara joandako Ertzaintzak bi leitzar jipoitu eta pertsona bat atxilotu zuela nabarmentzen da. Azkenik aipatu, Zabalo alkateak Nafarroako Gobernuak aurrera daraman Hiri-antolamendua edo POT delakoaren aurkezpena egin zuela. Leitza POT 2 Atlantikoa izendatutako gunean zegoela argitu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun