Mendialdeko Agenda 21 lanean hasi da dagoeneko

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 11

TTIPI TTAPA

Egitasmoa iragartzeko logotipo eta lema lehiaketa ere abian da

Goizueta, Araitz, Arano, Areso, Betelu,Larraun, Leitza eta Lekunberriko udalerrien egoerari buruzko diagnosia egin aurrena, eta ondorengo bost-hamar urteetan garapen plan bat osatzea da Mendialeko Agenda 21 proiektuaren helburua.

Aipatutako diagnosirako inkestak egin dira herri guztietan. Gureari dagokionez, 41 lagunei luzatu zitzaien galdeketa eta 39 erantzun jaso ziren. Herriaren hiru arazo edo gabezia haundienak aipatu behar zituen bakoitzak eta emaitzek ez dute ustekabekorik eman, etxebizitza eta lan faltarena, eta karreteraren egoera baitira herritar gehienen ustez Goizuetaren arazo larrienak. Kultur ekintza gehiago, ekonomia bultzatzeko ekimenak, garraio publikoaren maiztasuna, edo eguneko zentroaren beharra ere aipatzen dira inkestan, besteak beste. Urriaren 1ean Betelun hasitako bileren zikloa hurrengo urteko martxoaren 8a arte luzatuko da, hilero astean bat eta bailarako herri ezberdinetan eginez bakoitza. Cederna-Garalur Erakundea, Rafael Tortajada Nafarroako Gobernuko ordezkaria, Terra-Prometea lantaldea eta zortzi udaletako kargu publikoez gain, indar eta garrantzi handia izanen dute bileretan gai ezberdinetako teknikariek, aguaziletatik hasi eta arkitektu, mediku, idazkari edo mendizainetatik igaroz. Gonbidatuak egonen dira, baita ere, herrietako erakunde eta mota guztietako taldetako arduradunak (kultura, kirola, komunikabideak, gizarte zerbitzuak, euskara…).

Proiektuaren irudia izanen den logotipo eta lemaren lehiaketa ere martxan du Agenda 21ek. Saria 300 eurokoa da eta lanak aurkezteko epea urriaren bukaera artekoa. Gainerako argibideak Herriko Etxean emanen zaizkie interesatuei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun