«Udala desagertzeko zurrumurrua zabaldu zelako aurkeztu nintzen alkatetzara»

Utzitako argazkiak 2007ko urriaren 11

Iñigo LARREA Aranoko alkatea TTIPI TTAPA

• 27 urterekin izendatu zuten Iñigo Larrea Aranoko alkate lehendabizikoz. Geroztik zortzi urte pasatu dira, eta urriaren 28ko hauteskundeetan berriz ere hautagaia izanen da.
• Maiatzeko hauteskundeetarako ez zen zerrendarik aurkeztu Aranon, orain, ordea, bigarren aukera izanen dute.
• Herrian zergatik ez den zerrendarik aurkeztu galdetuta, Udalean sartzeak jendeari beldurra ematen diola uste du, eta horregatik ez duela aurrerapausorik ematen.

Nolatan sartu zinen alkatetzan?

Lana lana da, baina baten batek eginbehar du eta… Zurrumurrua zabaldu zen herrian Udala desagertzeko arriskua zegoela eta batez ere horregatik sartu ginen. Ez dakit nahita edo ez, baina ez zegoen oso argi inork borondaterik jartzen ez bazuen zer gertatuko zen. Bost herritar elkartu ginen, eta aurrera. Txarrerako edo onerako ez dakit, baina zerbait egin beharra zegoen. Jendeak arrunt erraza ikusten du dena, eta errazena aurrerapausorik ez ematea da. Orain berdin gertatzen da, hauteskundeak ailegatzean, ez da inor egoten prest, ez da inor etortzen laguntzera. Independente bezala aurkezten gara, eta lan egiteko gogoa duen jendea behar da.

Orain artekoarekin, nolako balorazioa egiten duzu?

Esperientzia polita da. Bi alde ditu: herrirako behar diren gauzak lortzea eta egitea polita da. Alde txarra edo, herri txikia izanagatik jendeari hemen ere legeak daudela ulertaraztea da, eta horiek betetzeko daudela. Arauak denentzako berdinak dira.

Zaila da egunerokoa alkatetzarekin bateratzea?

Ez, ez da zaila. Aurreneko legealdian lana eta Udaleko ardura tartekatu egin nituen. Bigarrenean, ordea, Udalari dedikatu nintzaion esklusiboki. Obrak zeuden eta ordu asko sartzea eskatzen zuen, eta nire bizimoduagatik prest nengoen horretarako. Gainera, Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ematea adostu zuen, eta soldatarekin azken legealdian alkatetzara dedikatu naiz. Urte honen hasieran berriz lanean hasi nintzen. Lanaldi erdiz hasi nintzen eta Udalarekin batera, orain pixka bat denetik egiten ari naiz.
Halere, orain nahiko lasai dago herria, partikularren obrak daudenean, orduan izaten dira korapilorik haundienak. Beti esaten da udaletxeetan lan asko egoten dela atzeratua, baina horretarako ehuneko ehun horretan ariko litzatekeen norbait beharko litzateke, lan talde haundia.

Zein betebehar ditu alkateak Aranon?

Denetarik egin behar da. Udal taldean hiru gaude orain, eta beste zinegotziek ezin badute ni joaten naiz. Azken legealdian esklusiboki alkatetzara dedikatu naizenez, nik egiten nuen gehiena, baina harremana beti mantendu dugu. Gero eta jende gehiago izan, orduan eta hobe. Eta gazte jendeari ere lasai etortzeko esaten diot, lan egiteko jendea behar dela baina...

Zein proiektu dituzue buruan heldu den urteei begira?
Promotore pribatu batek 40 etxebizitza egiteko proiektua dago. Horrek herria bikoiztuko dela suposatuko luke. Horrez gain, Suro auzoan ura tratatu behar da, eta herritik eraman. Lehen erabiltzen ziren depositu zahar batekin daude, eta NafarroakoGobernuaren laguntzarekin 2008aren hasieran hasiko da obra. Herriko auzo guztietan argiteria ere paratu nahi da, eta gau guztian alferrik ez gastatzeko neurriak hartu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun