Amazabal Institutuan irakasleak falta direla salatu du EAk

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 8a

«Irakasleek medikuaren baja dute, baina Nafarroako Gobernuak ez ditu ordezkoak bidaltzen”.

Leitzako Eusko Alkartasunak salatu duenez, ikasturte hasieratik hiru aste pasatu direnean, Amazabal Institutuan oraindik ez dira ikasgai guziak ematen, irakasleak falta direlako. Leitzako Eak jakinarazi duenez, “falta diren irakasleek medikuaren baja dute, baina Nafarroako Gobernuak ez ditu ordezkoak bidaltzen”.

Aitor Etxarri, EAko zinegotziak jakinarazi duenez, “Amazabal institutuan oraindik zenbait ikasgai ematen ez dira hasi eta hori ezin da onartu, ikasturteko plangintzan izugarrizko atzerapena eragiten baitu eta gero, ikasleek beraiek errekuperatu beharko dute”. Horregatik, arazoa konpontzeko Nafarroako Gobernuak behar diren neurriak lehenbailehen har ditzala eskatu du EAk.

Eusko Alkartasunak argi du ardura ez dela ikastetxearena, “dituen baliabideekin bere esku dagoen guzia egiten ari baita egoera moldatzeko eta gauza bera esan daiteke gaixo daudelako klasera joan ezin duten irakasleetaz”.

EAren ustez “Nafarroako Gobernua da arazoari erantzun behar diona, ikasleek kalitatezko irakaskuntza jaso dezaten eta urteko programazioan atzeratu ez daitezen; irakasleen faltan ikastetxea ikasleetaz arduratu ez dadin eta irakasleak beraien gaixotasunetatik senda daitezen, beraien lanpostuak bete gabe daudela eta horrek eragiten duena pentsatzen egon beharrik gabe”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun