Herritar batzuek orain gutxi eginiko eskaera bati men eginez, Leitzako Udalak udaletxeko Jesusen Bihotzaren irudia lekuz aldatzea erabaki du. Herriko ordezkarien iritziz, udaletxeak ideologia aldetik laikoa behar baitu izan.
Laikotasuna ardatz, Udalak gisa honetako irudi kristauak berezko egoitza batean hobeto ikusten ditu. Oraindik zehazteke dago, aipatutako irudia non ezarriko den, baina jada hasiak dira lekuz aldatzeko neurriak hartzen. Hala, herriko apaizekin hitz egin dute. Herrian zabaldu den informazio faltsua ukatuz, Udalak argi utzi nahi du sinismen guztiei errespetua diela eta Jesusen irudia lekuz aldatzeko erabakia ez dela kristautasunaren aurkako erasoa.