18 urteren ostean, amaitu da zure Leitzako bidea. Zer moduzkoa izan zen irailaren 16ko azken eszena?
Oso ederra eta hunkigarria izan zen. Horrelako egunetan, maitasun giro berezia agertu ohi da eta 16an berdin gertatu zen. Leitzan gisa horretako ekitaldietan gauzek gainezka bezala egiten dute. Abesbatzak, dantzariek eta jendeak eginiko opariek asko betetzen baitute. Merezi baino gehiagoko agurra eskaini zidaten.
Urte eta garai desberdinak bizitzeko parada eduki duzu. Zer irakatsi dizu Leitzako egonaldi luzeak?
Leitza zentzu askotan oso herri aberatsa da. Leitzan egoten den orok gauza asko eta asko ikasteko aukera izaten du. Pertsonalki gauza asko eta era askotakoak ikasi ditut, eta ikasi dudana eta ez dudana zehaztea nahiko zaila da.
Eta zu, zer irakasten ahalegindu zara leitzarrei?
Apaizon eginkizuna, Kristoren mezua irakastea da. Hori izan da egiaz, neure lehendabiziko helburua. Horrekin batera, herrian gauza askotan barneratua ibili naiz. Horietan denetan helburu bakarra eta argia izan dut, elkarrizketa bitartez pake giroa sustatu eta elkar ulertzea sendotzea.
Leitzako erretore izan zaren aldetik, utzi duzu ametsik bete gabe?
Ametsek, zalantzarik gabe, beti goian behar dute izan. Gertatu ohi diren gauzak, berriz, lurreratu eta behean geratzen dira. Zentzu horretan, goian geratu direnak gauza asko izan direla esanen nuke. Dena den gauza konkretu bat zehaztea, benetan zaila egiten zait. Adibide bat jartze aldera, gazteen afera litzateke. Hasieran kristautasunarekin oso konprometituta ibili eta urteak joan ahala, fedearengandik urruntzen joan diren gazteena. Nahi batzuk betetzeko aukera izan dut eta beste batzuk goi hortan amets edo utopia moduan geratu dira.
Parrokiaz gain, Asketa abesbatzak eman dizkizu buruhausteak...
Abesbatzaren inguruan ez neukan inolako nahirik hasieran. Orain 18 urte, uste ez nuen gauza batekin aurkitu nintzen: Leitzan musikarekin berarekin egin nuen topo eta pixkanaka, haur eta gazteekin gauzak egiten joan nintzen. Ametsak eguneroko lanak eskaini zizkidan. Abesbatzatik zenbat jende igaro den, eta une hunkigarriak bizi eta jendearengan nolako eragina izan duen ikusita, gorabehera denekin, nahiak bete dira.
Zure agurrarekin nolako panorama iragartzen diezu oilartxoaren bi abesbatzei?
Uste baino hobea. Hasieran nire agurrarekin oso zaila ikusten nuen jarraipena. Baina zorionez aurrera jarraitzeko asmoa dago eta horretarako bideak jarri dira.
Nolako eleberria garatu nahi duzu Betelun?
Betelu eta orokorrean Araitz bailara neretzat oso ezezegaunak dira. Inolako nahi berezirik gabe, bertakoekin apal-apal barneratu eta harreman bat garatzen hastea gustatuko litzaidake.