Zabala-Goikoetxeak eraiki beharreko babes ofizialeko 12 etxebizitzen jabeen izenak azken bizpahiru asteetan ahoz aho dabiltzan bitartean, oraingoan pisurik gabe gelditu diren 21 herritarren nahia bete ahal izateko aukerak aztertzen ari da Udala, Herriko Etxetik jakin berri dugunez.
Herriak bereak dituen eraikinak (garai bateko maisu-maistren etxebizitzak, medikuaren etxea…) eta beste hainbat erakunderekin Udalak agintea konpartitzen duen etxea (Ospitale zaharra) bihur litezke babes ofizialeko pisu. Honetaz gain, onartzear dauden arau subsidiario berrien arabera eraikigarriak diren hainbat lurren jabeekin ere biltzeko asmoa du udalbatzak. Azken helburua Goizuetan bizi nahi duten herritar guztiei etxebizitza ziurtatzea omen da, EAE-ANV eta Elkartasuna taldeen hauteskunde programak zioen bezala.