Plazaolako Turismo Partzuergoak antolatuta, igande honetan jokatuko da Leitza-Lekunberriko Maratoi Erdiaren bigarren edizioa. Antolatzaileek 21 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta Plazaolatik barna igaroko da, Leitzako Erreka sagardotegian hasi eta Lekunberriko geltokian amaitu, hain zuzen. 09:30ean paratu dute ibilbideari hasiera emateko hitzordua, eta 200 pertsonei mugaturiko ekitaldia izanen da. Antolakuntzan, Partzuergoak Araitz, Larraun eta Lekunberriko kirol zerbitzuen laguntza jaso du.
Egun berean jokatuko da Plazaolako natur bidetik igaroko den V. Mendi Bizikleta Martxa. Parte-hartzaileek hiru ibilbide izanen dituzten aukeran: Andoain-Lekunberri (40 kilometroko bidea), Leitza-Lekunberri (15 kilometro) eta Mugiro-Lekunberri (4 kilometro). Maratoi Erdia ez bezala, bizikleta ibilaldi honetan txapelketa kutsua alde batera utzi nahi izan dute antolatzaileek, eta hala, ez da proba lehiakorra izanen. Ekimen hau Plazaolako Partzuergo Turistikoak Andoain, Lekunberri, Larraun eta Leitzako Udalekin eta kirol zerbitzuekin antolatu du.