Igande honetan eginen da Leitzako II. Taloaren Eguna

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 7a

Goizeko 10etatik aitzinera talogileak, artisauak, erakusketak, herri kirolak eta bertze izanen dira

Plazaola Partzuergoak eta Leitzako Udalak antolatuta, igande honetan eginen da Leitzako Taloaren Egunaren bigarren edizioa. Horren harira, ekitaldi ugari prestatu dituzte. Helburu nagusia taloari dagokioen garrantzia ematea izanen da, eta nola ez, Leitzako plazara hurbiltzen den edozeini, une eder bat pasatzeko aukera ematea. Merkatua goizeko 10etan zabalduko da eta bazkalordurate, zer ikusi ugari egonen da: herriko hiru talogileak –Villabona, Saralegi eta Talotegiak— goiz osoan plazan egonen dira. Hauekin batera, Plazaola Partzuergoko kide diren artisauak ere bai: sagardoa, eztia, gazta… bezalako produktuak mahaigaineratuz. Berrikuntza gisa, taloa egiteko tresnerien eta arto zuriketaren erakusketak ere ikusgai egonen dira.

11:00etatik 12:30ak bitarte, berriz, publikoak parte hartzeko ekintzak eginen dira, bertzeak bertze, taloak egiteko tailerra eta ttikienei zuzenduriko Talo Lehiaketa. Lehiaketa hau 4 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat izanen da eta adin bakoitzeko eskulanik hoberenak sarituko dira.

Ondotik, herri kirolariak izanen dira arreta osoa berenganatuko dutenak. 12:30etik aitzinera, Mikel Saralegi, Aimar Irigoien, Jon Redondo, Arkaitz Olano, Ruben Saralegi eta Eneko Saralegi lanean ariko dira. Horrez gain, Karrapen, eta hau ere goiz osoan, herriko jatetxe eta taberna desberdinek taloa protagonistatzat hartuta plater desberdinak eskainiko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun