«Momentuan gozatu behar da, egun batetik bestera dena izorratu daiteke»

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 3a

Mikel OLAZABAL Aresoko pilotari profesional berria TTIPI TTAPA

• Mikel Olazabal Caballero Aresoko aurrelariak abuztuaren 13an egin zuen debuta profesionaletan Leitzan, Asperekin. Apeztegia lagun, 22 eta 14 irabazi zioten Apezetxea eta Galartza VI.ari.

Kontent egoteko arrazoirik ez zaio falta Mikel Olazabal Aresoko pilotari gazteari. Leitzako taldearekin Nafarroako eta Euskal Herriko txapela jantzi ondotik erran baitio adio afizionatu mailari, eta berehala Asperekin debutatu du: «10 urterekin Leitzako pilota eskolan hasi nintzen eta beraiekin afizionatuetako azken txapelketak irabazteak poz haundia eman dit. Orain Asperekin lau urterako kontratua sinatzeak ilusio ikaragarria egin dit». Herriko pilota eskolaz ere ez da atzendu, eta lehen pilotakadak bertan eman zituela ere gaineratu digu.

Lesioak tarteko, sufritzen ere badaki Mikelek. 17 urterekin eskumuturra hautsi eta 17 hilabetetan pilotan aritu gabe egon zen. Horrek hamaika buruhauste sortu dizkiola aitortu digu: «Operatu aurretik zortzi hilabetez egon nintzen geldirik, gero operatu eta beste bederatzi hilabetez. 17 hilabeteak luze egin zitzaizkidan, batez ere, operatu ondoko denboraldia. Buruari buelta asko eman nizkion, eskumuturra ongi zihoala esaten zidan medikuak baina nik ez nuen hala sentitzen. Ez nekien pilotan segitzeko aukerarik izango nuen ere, eta ikara haundia. Errekuperatuta lehengo jokoa berreskuratu nahian ere asko sufritu zuela azaldu digu: «Berriro pilotan hasi nintzenean, ez nuen batere jokorik, ahaztua nuen. Bi egunetan mundua jan nahi izaten da, eta ez da horrela, egunean egunekoa egin behar da». Berak dioen bezala, «poliki-poliki», baina sasoia berreskuratu du aresoarrak, eta ez hori bakarrik, partida bikainarekin ekin zion profesional bideari. Leitzako frontoia jendez gainezka zegoela, herritar eta lagun aunitzen aitzinean egin zuen debuta Mikelek. Partida hura jokatu aitzinetik urduri ote zegoen galdetuta zera erantzun digu: «aste osoan partida burutik ezin kenduz ibili nintzen, egunez ongi nengoen, baina gauetan, lotara joatean, buruari bueltaka hasten nintzen. Egun berean, goizean mendira joan eta ez nintzen ongi sentitzen, baina arratsaldean lasai sentitu nintzen, baita partida jokatzerakoan ere. Aresotik eta Leitzatik jende asko joatekoa zela jakiteak ilusio haundia egiten zidan, baina, bestetik horrelakoetan ongi jokatu nahi izaten da eta horrek nerbioak baino, kezka sortzen du». Azkenean itxura ona eman zuen Leitzan, jendea gustora utzi zuen, baita bere burua ere.

Gaztea da oraindik Mikel eta aukera haundiak ditu. Bere dohaiak nabarmentzeko eskatuta, ordea, «hori beste batek egitea nahiago dut», erantzun digu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun