Lehengo urtean lortutako arrakastaren ostean, aurtengoan ere taloak presentzia berezia izango du Leitzan. Plazaola Partzuergoak eta Leitzako Udalak elkarlanean antolatutako jaialdia irailaren 9an izanen da.
II.edizio honetarako, aurreko urtean egin bezalaxe, ekitaldi ugari eta orotarikoak antolatu dituzte. Helburu nagusia taloari dagokioen garrantzia eman eta Leitzako plazara hurbiltzen den edozeini, une eder bat eskaintzea izanen da. Merkatua goizeko 10etan zabalduko da eta bazkalordurate, zer ikusi ugari egonen da. Hasteko aipatu, herriko hiru talogileak: Villabona, Saralegi eta Talotegiak goiz osoan present izango direla. Hauekin batera, Plazaola Partzuergoko kide diren artisauak ere bai: sagardoa, eztia, gazta… bezalako produktuak mahaigaineratuz. Berrikuntza gisa, esan, taloa egiteko tresnerien eta arto zuriketaren erakusketak ere ikusgai egonen direla.
11:00etatik 12:30ak bitarte, berriz, publikoak zuzenean parte hartu ahal izanen duen ekintzak antolatu dira. Aipagarrien artean, taloak egiteko tailerra eta etxeko txikienei zuzenduriko Talo Lehiaketa leudeke. Lehiaketa hau 4 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat izanen da eta adin bakoitzeko eskulanik hoberenak sarituak izanen dira.
Ondotik, herri kirolariak izan dira arreta osoa berenganatuko dutenak. 12:30etik aurrera, Mikel Saralegi, Aimar Irigoien, Jon Redondo, Arkaitz Olano, Ruben Saralegi eta Eneko Saralegik hainbat saio desberdin burutu beharko dituzte.
Ekintza hauetaz gain, esan, Karrapen eta hau ere goiz osoan, herriko jatetxe eta taberna desberdinek taloa protagonistatzat hartuta eratuko dituzten plater desberdin eta originalak ere ikusgai egonen direla.