Atzo Arrasaten Leitzako pilotariek Euskal Herriko herrien arteko Txapelketako finala irabazi egin zuten Berrizkoen kontra, nahiz eta gazte mailakoan kristoren porrota jaso, 22-0 galdu baitzuten.
Senior mailakoen partida izan zen erabakiorra, eta 22-8 irabaztearekin, txapela Leitzara ekarri dute Aurrerakoek.
Ohiko pankartak ikusi ahal izan ziren Arrasateko pilotalekuan, Leitzakoak animatuz. Aurten ere, beraz, txapela Nafarroan da, iaz Lizarrak irabazi baitzuen. «Hauek ere aurkari gogorrak izan dira», aipatu zuen Andres Aranburu botileroak.
Finalean aritu diren pilotariak Alduntzin-Jaunarena, Goikoetxea-Aranburu eta Olazabal-Iriarte izan dira. Lehen bikoteak 22-16 irabazi zuen; bigarrenak, berriz, 22-0 galdu egin zuen, eta seniorren partida erabakiorrean 22-8 gailendu ziren Leitzaldeko pilotariak.
Ander Aranburu-Jon Jaunarena (Leitza) eta Mikel Loidi-Gotzon Urkijo (Berriz) kadeteek jokatu zuten lehen partida, eta leitzarrak nagusitu ziren: 22-16. Ongi aritu zen Leitzako bikotea, maila ona erakutsiz. Bigarren partida, gazteen mailakoa izan zen. Honetan, Oier Alduntzin-Aitor Goikoetxeak osatutako bikoteak ez zuen behar bezala jokatu. Aldiz, Aitor Alberdi eta Eneko Perasanz oso ongi aritu zen, eta 0-22ko emaitzarekin aise irabazi zuten. Alberdik sakez 18 tanto egin zituen, partidan 40 pilotakada besterik ez ziren izan, eta lehiak hiru minutu eta hamasei segundo baino ez zuen iraun. Nagusien mailako partida zen, beraz, erabakigarria. Aurrez aurre: Mikel Olazabal-Mikel Iriarte eta Mikel Gonzalez-Ibai Zabala pilotariak ziren. Partidaren hasieran 7 eta 1eko partzialarekin eskualdekoak jarri ziren aurretik. Azkenik 22-8 irabazi zuten leitzarrek, eta honekin erabaki zen azken emaitza. Beraz, bi eta bat, nafarrak izan dira aurten ere herri arteko txapelketaren garaile, Lizarrakoei erreleboa hartuz.
Egun, Leitzako Aurrera Pilota Elkarteak 48 pilotari dauzka. Bertan botilero gisa dihardu, azken lau urteetan Andres Aranburuk. Beraren esanetan, hasiera batean, finalera iristea ere ez bazuten espero, azkenik, txapelarekin etxeratzea lortu dute. Botileroaren hitzetan, «sufrituta eta lanarekin» iritsi ziren finalera.