Leitzako ahozkotasuna

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 23a

Leitzako Ahozko Ondarearen Artxibategia osatzeko lehen bilera, uztailaren 18an egin zen udaletxean. Udazkenean esan bezala, Ahozko Ondarearen Artxibategiaren afera hau, Euskokultur izeneko Fundazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin aurrera daraman proiektua da. Beronen helburua; garai bateko kontu, kantu, istorio, pasadizoak... egungo formatu berritzaileekin uztartu eta esan horien betierekotasuna berma dezakeen produktu bat garatzea da. Alegia, herritar desberdinen esanak Internet bezalako euskarrietan ezarri eta aspaldiko kontuak aro berriko baliabideez janztea izango da helburua.

Dena den, lan asko dago egiteke, eta orain garrantzitsuna ekarpen aberasgarriak egin ditzaketen protagonistak aurkitzea da. Landu daitezkeen gaiak orotarikoak izan daitezke eta pertsonaiak ere ugariak. Ez baita ahaztu behar, ahozko ondarea egiazko giltzarri duen proiektu honen bihotza herria bera dela eta azken emaitza ere, herritarrentzako izango dela.

Hurrengo bilera, abuztuaren 1erako dago iragarrita. Antolatzaileek interesatuta egon daitezkeen orori egiten diete deialdia. Proiektu hau garatze aldera, bigarren hitzordu hori benetan garrantzitsua izango da. Etorkizuneko herritarrentzako aspaldiko kontuak egokiro esango dituzten pertsonaiak eta benetan interesgarriak izanen zaizkien gaiak ongi hautatzea, kontutan hartzeko xehetasuna izan baitaiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun