Lantalde edo batzorde ezberdinetako eta mankomunitateetako ordezkariak izendatzeko antolatutako plenoan ez zuen erabateko adostasunik lortu azken udal hauteskundeen ondorioz eratu berria den korporazioak.
Atal bat bakarra da, mendia, diferentziak sortzen dituena. Lekuona alkateak esandakoaren arabera, «zenbait gauza argitu eta gaur egungo egoerari buruzko nolabaiteko diagnosia burutu arte» ANV bakarrik arduratuko da mendiaz. Horren ondoren, ez omen dute inolako arazorik izanen honen gestioa ere konpartitzeko. Alkateak esandakoa ez zuten ontzat eman Elkartasunakoek, beraiek ere mendiaren ardura hartu nahi dutela argudiatuz. Beraz, zenbait kargu onartu arren, uko egin zioten EAE-ANVkoekin batera lantaldeak osatzeari mendiarena konpondu arte.
Eztabaidak eztabaida, kargu eta ardura ezberdinak banatuta gelditu ziren plenoan, eta ondorengo hau da zerrenda garrantzitsuena: alkateorde Jon Uitzi; Kontuen Batzordean MielJoxe Lekuona, Jon Uitzi eta Aitor Mendizabal; Mendian Xabier Etxegia; Hirigintzan Aitor Mendizabal; Kultura-Euskaran Fernando Goia. Mankomunitate eta hainbat erakundetan, berriz, hauek izanen dira Goizuetako ordezkariak: UEMA, Aralar Musika Eskola eta Euskara Zerbitzuan Fernando Goia; Cederna-Garalurren MielJoxe Lekuona; Gizarte Zerbitzuan MielJoxe Lekuona eta Jose Ignacio Alsua.
Esan beharrekoa baita ere, ohiko osoko bilkurak hilaren azkeneko asteartean izanen direla legealdi honetan. Hurrengoa, beraz, uztailaren 31n ospatuko da.