«Intentsitate eta abiadura ezberdineko kolpeak emanez berotzen du eskua»

Joseba URKIOLA 2007ko uztailaren 9a

Juan Esteban CEBALLOS Eskuak egonean berotzeko makinaren sortzailea TTIPI TTAPA

«Pilotaria lesionatua dagoenean eta frontoira joan ezin duenean, eskua beraztu egiten da, eta horrelakoetan, kailuak mantentzeko balio du».

• Pilotari onen sorterria izateaz gain, pilota munduko asmatzaile onen herria ere bada Leitza. Horren lekuko, Juan Esteban Ceballosen asmakizun berria: eskuak egonean berotzeko makina.
• Makina oraindik hagitz ezaguna ez bada ere, patentatu egin du, eta pilota munduan zabaltzeko asmoa du.
• Intentsitate eta abiadura ezberdineko kolpeak ematen ditu eskuetan, baina, horrez gain, masajeak emateko ere balio du.

Nolatan otu zitzaizun halako makina bat egitea?

Pilota partida bat ikusi nahi nuen telebistan, baina ordu berean bertze konpromiso bat ere banuen lagun batekin. Pilotariak beroketak egiten hasi ziren, baina nik partida ahalik eta abudoen hastea nahi nuen. «Zergatik ez ote dira etxetik eskuak berotuak ateratzen?» pentsatu nuen, eta horrelaxe piztu zitzaidan bonbila, eskuak berotzeko zerbait sortu behar nuela bururatu zitzaidan. Asmakizuna burdinezko kaxa bat da, barrenean mekanismo batzuekin, elektronikoa bat eta mekanikoa bestea.

Zenbat denbora pasatu behar izan duzu orain ikus dezakegun makina hau egiteko?

Denbora dezente pasatu dut, baina tarte horretan ez naiz horretara bakarrik dedikatu. Arazo haundiena osagarriak lortzerakoan izan nuen, motorra berezia da eta plaka elektronikoak... Motorra, adibidez, Madrildik ekarri behar izan nuen. Kanpoko kutxa, berriz, enpresa bati eskatu nion egiteko. Eta dena berri berritik egin behar denez, atalak egiten ere denbora asko pasatzen da. Hasieran bestelako saiakera bat egin nuen, nahiko baldarra, baina orain hobetu egin dut.

Nola erabiltzen da?

Ardatz bat du eta hura mugitu egiten da, pilota bat du puntean eta gora eta beherako mugimendua egiten du. Intentsitatea eta abiadura kontrolatzeko aukera ere ematen du. Indar edo abiadura ttikiagoarekin edo haundiagoarekin eman diezaioke eskuari kolpea. Ordubetean gehienez 7.000 kolpe eman ditzake. Eskuak berotzeko balio izateaz gain, kailuak egin edo mantentzeko ere balio du. Pilotaria lesionatua dagoenean eta frontoira joan ezin duenean, adibidez, eskua beraztu egiten da, eta horrelakoetarako, eskua gogor mantentzeko balio du, kailua ongi mantentzeko. Gainera, frontoian baino gehiago eginen luke. Izan ere, partida batean, asko jota 200 kolpe ematen ditu pilotariak. Makina honek, berriz, ordubetean 7.000 eman ditzake. Intentsitatea jaitsiz eta suabe-suabe jarriz, masajeak emateko ere balio du.

Nolako harrera izan du pilotarien artean?

Oraindik oso gauza berria da, eta orain hasi naiz gauzak mugitzen. Bergararekin egon nintzen, eta berak deitu beharra dit pilotarien aurrean asmakizunaren aurkezpen bat egiteko. Leitzako pilotariek ere ikusi dute dagoeneko, eta gustatu zaie, baina oraindik asko dago egiteko. Hasteko, patentatu egin dut asmakizuna, beste inork asmakizun hau berea egin ez dezan.

Etorkizunera begira baduzu bertze egitasmorik buruan?
Bai beti izaten da zerbait buruan. Halere, lehendabizi honekin bukatu behar dut, eta gero ikusiko da. Badut pilota munduarekin zerikusia duen proiektu bat buruan, baina egiten dudanean orduan izanen duzue horren berri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun