Tiburtzio Donearen jaiei hasera emateko, hilabete eta erdi besterik ez da geratzen. Hala, Leitzako Aurrera Kirol Elkartekoak 2007ko Plazaola aldizkariaren osatze lanean buru-belarri dihardute.
Hasteko eta behin, aipatu, aldizkariaren azalaren lehiaketa abian dela. Sariketa hau, 17 urtetik gorakoei zuzendua dago eta landu beharreko gai nagusia Leitzako Pestak da. Lanak aurkezteko epea ostiral honetan bukatzen da, eta interesatuek Aurrera Elkartearen egoitzara eraman beharko du bere lana. Kartelaren neurriak, 50x65 zentimetro izan behar ditu, eta «2007-TIBURTZIO DONEAREN PESTAK-29.Zenbakia» bezalako xehetasunak bertan txertatuak egon behar dute.
Bestetik esan, azalaren sariketa berezi honetaz gain, edozeinek aldizkaria hornitzen kolaboratu dezakeela. Lan hauek ere ekainaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira eta gertakari zaharrak, erreportaiak, txisteak, komikiak… bezalako idatziak aurkeztu daitezke.