Azken urteetako ohiturari jarraiki, Tomas Erbiti eta Tiburtzio Azpiroz leitzarrek berriro ere Donejakueko bidea egin dute. Aurtengoan Orreagatik abiatu ziren eta beren bidaia, Galiziako Finisterra ospetsuan amaitu dute. Lehen pausuak maiatzaren 28an eman zituzten. Hastapeneko egun haietan eguraldi txarra izan zuten bidailagun. Dena den, behin Gaztelan sartuta, eguraldi ona izan zutela nabarmendu dute. Hiru aste igaro ondotik, eta hamaika izerdi ibilbidean utzita, Santiagoko hiriburura ekainaren 18an iritsi ziren. Finisterrera berriz, ekainaren 21ean. Ibilbide osoa behar bezala egiteko, egun askotan 35 eta 40 kilometro egin behar izan zituzten.