Esteban AROTZENA Normaltasun osoz eta ezustekorik gabe joan zen ekainaren 16ko udal berriaren osaketa ofizialaren aktua. Horretarako, legeak agintzen duen protokolo guzia pausoz-pauso eraman zuen Mirian Arotzena idazkariak, alkatearen hautaketaren bozketara ailegatu arte. Hautagai bakarra Miel Joxe Lekuona zen, eta aho batez onartu zuten posturako EAE-ANVko zerrendaburua, Elkartasunakoek ere aldeko botoa eman baitzioten. Honen aurretik, Espainiako Konstituzioa beteko zutela ere zin egin zuten zazpi kargudun berriek, baina guztiek garbi utzi zuten «legeak agintzen dielako» egiten zutela hori. Imanol Legarretak alkate berriari aginte makila eman zioenean bukatu zen aktua —argazkian—. 40 herritar inguru elkartu ziren batzar aretoan.