Aurreko urteekin alderatuz, astebete atzeratua etorri bada ere, Leitzako Kultur Asteko Artisau Azokan ohiko ikusgarritasuna present izan zen. Ekainaren 3an artista ugari bildu zen herrian, eta gehienak kanpotik etorriak baziren ere, izan zen herriko talde eta norbanako batzuren lanak ikuskatzeko aukera ere. Guztiak ahalegindu ziren herriko eta kanpotik gerturatutako ikuslego andana asetzen. Aurtengo edizio honetan ere, gauza asko ikusteko aukera egon zen. Batez ere, egurra eta berarekin eginiko objektuak nagusitu ziren. Dena den, papera, haria, beira, buztina, larrua… bezalako materialekin eginiko altxor bitxi orijinalak ere ikusgai egon ziren.