Aurrera Futbol Taldeko lehen taldeak egin bezalaxe, neskek eta jubenilek ere amaitu dute aurtengo denboraldia. Urte hasieran aipatzen genuen bezala, bizpairu urtetako hutsartearen ostean itzuli ziren neskak, eta helburua, kirola eginez gozatu eta futbola oinarri hartuta, aisialdia ederki igarotzea zen. Nesken arabera, helburu hau ederki bete dute eta sailkapenean oso ondo geratu ez badira ere, gustora dira eginiko lanarekin. Heldu den denboraldian ere, present izanen direla ziurtatu dute.
Jubenilak ere jada oporretan dira. Hauek lehengo ikasturtean bueltatu ziren futbolera, eta lehen urteko esperientzia ezaren ostean, aurtengoan gauzak txukun egiteko gogotsu zeuden. Denboraldiari hasiera bikaina eman zioten, eta udazkenenean garaipen mordoa eskuratu. Dena den, neguaren etorrerarekin eta bestelako arrazoiak tarteko, taldeak ezin izan zuen hasierako bidea egiten jarraitu, eta pixkanaka-pixkanaka sailkapenean atzerantz joan ziren. Azkenean, 10. postuan geratu dira.
Aurrerako lehen taldeari dagokionean, esan, taldearen igoera ospatzeko larunbat honetan, hilak 16, afari berezia antolatu dutela herrian.