Goxaliren ikasturte bukaera

Esteban AROTZENA 2007ko ekainaren 11

Goxaliren ikasturte bukaeran parte hartu zuten batzuk. Esteban AROTZENA

Ikasturte honetako Goxaliri amaiera eman zitzaion maiatzaren 25ean kantu-merienda batekin. Ikasturteari amaiera bikaina eman zioten bertan bildu ziren haur, gazte, begirale, guraso eta antolatzaileek. Aurtengo ikasturtearen balorazioa positiboa egin da, eta horretan zerikusia izan dute, besteak beste, pertsona bat kontratatu izanak (Alaitz Eskudero), eta honen laguntzaile sare bikainak, herriko gaztetxoei bilgune eta aisialdi entretenitua eskaini baitiete. Amaiera ekitaldi honek balio izan zuen Goxaliren bultzatzaile nagusi eta Xalto eskolako zuzendari den Ana Urdangarini agur esateko ere, 18 urteko egonaldi oparo baten ondotik, beste bide batzuk hartzea erabaki baitu irakasle hernaniarrak. Olaia Lekuona herritarrak beteko du hutsunea.

Eskolaz kanpoko kultur aktibitateetan umeen parte-hartzea bultzatu nahi izan du Ana Urdangarinek, baita emaitza ederrak lortu ere. Asko eta asko dira urte hauetan Iruñetik herrira ekarritako sariak eta eskolarteko bertsolari txapelketetan lortutakoak. Ttipi-Ttapak ere agur esatearekin batera, eskerrak eman nahi dizkio Anari eman digun laguntzarengatik, eskolan sortzen den informazioa zuzen helarazi baitigu beti.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun